Weixin plataformako «Spain Today» orrian argitaratutako elkarrizketa zabala. Jatorrizko txinatar bertsinoa esteka honetan irakur daiteke:

那个受西班牙王后亲自颁奖的年轻人,和你不一样却又一样 (qq.com)

Jarraian, elkarrizketaren gaztelaniazko bertsinoa:

1. Pertsona batek beti dauka lotura berezi bat hiri edo herri batekin, Amberesekin bezala, Ekialdean Rubensi esker ezagutzen dana. Esan deustazu zure jaioterrian, Araban, 1.500 lagun baino ez direala bizi. Georg Simmelek «Hiri handiak eta espirituaren bizitza» eta «Diruaren filosofia» lanetan bereizten ditu hiri handiak eta herri txikiak, eta azpimarratzen dau gizarte kapitalistan diruaren bilaketak talka egiten dauala intimitatearen eta bokazio sakratuaren barneko gogoarekin. Zer deritxozu ikuspuntu horri?

Herriaren eta hiriaren arteko talka gai errepikakorra da. Testuinguru horretan, ez doguz ahaztu behar Horazioren ‹locus amoenus› (natura birjina eta garbiaren erakargarritasuna) eta ‹beatus ille› (hirien zaratatik eta eskandalutik urrun bizitzetik sortzen diran bakea eta zorionak) topikoak. Hala ere, topiko bat da, herrietan be zarata badagoalako. Batzuetan gehiegi. Espainiako esaera herrikoi batek dinoan lez: «herri txikia, infernu handia». Herrietan danok ezagutzen dogu alkar eta, lasaitasuna, bakea eta edertasun asko badago be, txutxumutxurako eta gaiztakeriarako tokia be badago. Zorionez, hori ezin dot esan nire herriaz, Artziniegaz. Benetan leku apartekoa da, eta jendea, gehienetan, atsegina, jatorra eta asmo onekoa da. Eta hori gutxi baleuko lez, Espainiako iparraldeko herririk ederrenetakoa be bada.

Egin dozun galderari buruz, gehituko neuke hiriaren eta landaren arteko tentsioa erradikalki aldatu dala azken aldian, teknologiaren, komunikazioaren, globalizazioaren eta hiri handien garapenari esker. Lehen, hiriak, funtsean, herri txikiak ziran, jende gehiena alkar ezagutzen eban eta zirkulu kultural berdinetan ibilten zan. Gaurko hiri handiek erabat bestelako izaera daukie. Norbanakoak orain arte ezezaguna zan autonomia lor dau, eta bere bizitza bere beharren arabera antolatu leike, ia-ia guztiz anonimoa izanik, hala nahi badau. Gainera, lan-aukerak, biztanleen gehiengoarentzat, hirietan eta haien azpiegituretan pilatzen dirala dirudi, telelana, Espainian behintzat, gutxiengoaren aukera dalako oraindino. Horrek landa-eremuetatik exodo masiboa ekarri dau, geroago eta gehiago abandonatuta eta zahartuta gelditzen diranak. Fenomeno hori, immigrazio masiboarekin batera, erradikalki aldatuko dau Espainiako kultura eta identitatea.

Testuinguru horretan, artistaren egoera nahiko konplikatua da. Alde batetik, herriaren edertasuna eta lasaitasuna apartekoak dira sortzeko. Bestetik, aukera sozialak eta komertzialak hiri handietan daude.

2. Munduko erakunde ekonomiko batzuek diño, pandemiak osasun mentalean izandako ondorioengatik, jendeak sektore egonkorrak aukeratzeko joera izango dauala berritzaileen ordez. Zer indarrek eroaten zaitu, orduan, artista izateko bidean jarraitzera?

Norberak bere kontura abentura profesional bat hasten dauanean, ez artean bakarrik, beste edozein arlotan be bai, irabazi edo galdu leikeana neurtu leike. Nik beti nahiago dot irabazi leikedanari begiratu, ez dodalako ez porrotaren ez hutsegitearen beldurrik. Zer gerta jat porrot egiten badot? Langile lanpostu bat bilatu behar izatea? Milioidun ez izatea? Askoz okerrago izango zan horrela amaitzea saiatu barik, egunero neure buruari leporatuz ez dodala ausardiarik izan jende askok talentua dodala esaten dabenari neure burua eskaintzeko. Nolanahi be, interesgarria iruditzen jat galdera hau sakonago aztertzea Espainiako testuinguruan.

Egonkorraren aldeko lehentasuna berritzailearen aldean, hemen, pandemia baino askoz lehenagokoa da. Espainian behintzat, oso lotura argia ezarri leike gerra zibilaren osteko belaunaldiaren eta bizitza-segurtasunaren kultura horren agerpenaren artean. Gerraostoko belaunaldiak, bizi izandakoagatik oraindino oso traumatizatuta eta frankismoaren gizarte-sistema berriaren babesean, seme-alaben formazioari eman eutson lehentasuna. Medikuntza, ingeniaritza, arkitektura edo zuzenbidea apustu seguruak ziruditen bizitza erosoa eta kezkarik bakoa izateko, bizitzarako konpromiso handiko bokazioak baino gehiago. Demokraziaren etorrerarekin kultura hori bere gorenera heldu zan, halako moduz non kontzientzia kolektiboan ideia faltsua errotu zan: formazio teknikoa bizitzako arrakastaren baliokidea dala.

Fenomeno hau pribazino handiak pairatu ebazan belaunaldi baten segurtasun-nahiarekin hasi bazan be, hain luzaro irauteko gakoa ez da praktikoa, morala baizik. Izan be, nahi horren ibilbidean, gure gizartearen erroetako katolikotasunarekin nahastuta, ideia hau nagusitu zan: arrakasta sufrimenduaren eta sakrifizioaren ondorioa baino ezin dala izan. Sufrimendu handirik bako arrakasta lortzea, lanarekin eta talentuarekin bakarrik (artistikoa, komertziala, soziala…), Espainiako gizarteko gauzarik mespretxatuenetako eta beldurgarrienetako bat bihurtu zan laster. Oraindino gogoratzen dot eskolan irakasle askok esaten ebezana: «Hobeto egingo dozue serioa den zeozer ikasi, bestela obra baten edo zubi baten azpian bukatuko dozue, miserian». Ironia handia da, lehen bizitza erosoa bermatzen eben karrera tekniko horiek gaur egun prekario bihurtu dirala, batez be sektore horietan lan-eskaintza handia dagoalako. Hala, berrikuntzetan edo instalazioetan artisau ona dan autonomo batek askoz gehiago irabazten dau abokatu, ingeniari edo arkitekto asalariatu askok baino. Bere kontura jarri eta trebetasun komertzial apur bat daukenak aipatu be ez.

Laburbilduz, lanpostu seguruak ilusio bat baino ez dira. Aipatu dodan guztiaz gain: zertarako balio dau lanpostu finko batek lan hori benetan gorrotatzen bada? Egonkortasun horrek zigor amaigabea be izan leike. Hau da, norberaren interesetara eta izaerara ahalik eta hobeto egokitzen dan lanbidea bilatu behar da. Zenbat eta gehiago izan lanbidea bokazio bat, orduan eta arrakasta handiagoa izango da, nire ustez arrakasta ez dagoalako hainbeste dirua irabazten, lana ondo egiten eta harekin gustura egoten baino.

3. Elaine Aronek «Pertsona oso sentiberak» lanean seinalatzen deusku artistak pertsona hipersentiberen bosten batean daudela, eta horrek esan gura dau artistek jende arruntak baino min gehiago hauteman leikela. Zelan kudeatzen dozu zure frustrazioa eta mina bizitzan, adibidez oso garrantzitsua zan harreman baten amaiera, proiektu baten etsipena, eta abar?

Sentiberatasuna arrazionalizatu ezin dodan zeozer da, hor dagoana eta gertatzen dana. Minak beti markatu nau; uste dot bizitza, neurri handi batean, esperientzia tragikoa dala. Baina, nire ustez, gakoa da mingarria ez dala derrigor negatiboa. Alderantziz, mingarria eder izan leike, zuzena izan leike eta ona izan leike, asko min egiten badeusku be. Bestalde, ados nago artistak minarekiko sentiberatasun garatuagoa (edo hobeto esanda, bestelakoa) daukala, bere lana neurri handi batean munduari begiratzean eta bertan ikusten dauzan sentimendu, sentsazio, paradoxa eta kontraesanak estetikoki artikulatzean datzalako. Arterik abstraktuenak be, musika lez, munduaren eta giza naturaren begiraldi horretatik sortzen dira. Horrela, minarekiko sentibera baino gehiago, artista bere errealitateaz kontziente da soilik, jende gehienak minari bizkarra emoten deutsan bitartean, arretaz begiratzeko gelditu behar izan ez dabelako. Begiratzen ohituta ez daudenez, insentibera bihurtzen dira, baina horrek ez dau esan gura sentiberatasun hori garatu ezin dabenik. Artea (bereziki narrazioa eta poesia) sentiberatasuna heztzeko biderik onena da, egia esan. Zentzu horretan, literaturako irakurle handi asko ezagutzen dodaz, haien sentiberatasuna artista askorena berdina edo handiagoa dana. Aldi berean, artistak, irakurleak lez, kontrako muturrera jo leike eta oso insentibera bihurtu, ia psikopata, minaren begiraldia handiegia, muturrekoa, obsesiboa eta arriskutsua bihurtzen danean.

Frustrazioa kudeatzeko nire modua neure buruarengan eta egiten dodanean konfiantza izatea da. Artista batek bere buruarengan sinisten ez badau, guztiz galduta dago. Jakina, gauza asko ez dira beti aurreikusitakoa lez gertatzen. Hala be, ziur nago garrantzitsuena dala lan on bat egitean konfiantza izatea, berez baliotsua dana, eta ahalegin hori denboran mantentzea. Esaten neban lez, ondo egindako lanaren asebetetzea da benetako arrakasta.

4. Zein da zure ingeles autore kutunena, eta zelako harrera edo eragina izan dau zure kontzientzia artistikoan?

Zintzotasunez, oso zaila jat autore kuttun bati buruz berba egitea. Ingeles literaturako eta beste hizkuntza askotako autore asko dagoz sakon eragin deustenak. Izen batzuk aipatzeko, ingeles literaturan geratuta, lau hauekin geratuko naz: Shakespeare, Milton, Keats eta William Blake.

Shakespearengan sakontasuna eta anbiguotasuna miresten dodaz. Shakespearek, gutxik bezala, erakusten dau zelan funtzionatu behar dauan arte-lan batek. Batez be, zelan dan arte ona konpontzeko zailak diran arazoak formulatzea. Tradizio tragiko klasikoak beti patu transzendente baten aldera begiratzen eban, gizakiak haren dekretuak saihestu ezin ebazanak, eta ordena perfektu baina mingarri batean amaitzen zan; Shakespearek errealitatea bere konplexutasun osoan argitzen dau. Gaiztoa eta ona, zuhurtzia eta ergelkeria, bertutea eta bizioa nahastu egiten dira giza natura ahularen erretratu ezeztaezin bat osatu arte. Miltonek hizkuntzaren erabilerarekin, epopeiaren eta errebelazioaren arteko testua eraikitzeko trebetasunarekin gustatzen jat. Fantastikoa da ikustea zelan lortzen dauan «Paradisu galdua» ia errebelatutako liburu bat izatea, muga bakoko anbizio batekin. Bere lan nagusia, berak aitortzen dauan lez, «Jainkoaren bideak gizonei justifikatzeko» asmoz idatzi zan, zalantzarik bako poema bat idazteko irudika leitekean arrazoirik anbiziotsuena. Keatsengan sentiberatasuna eta edertasun absolutua gustatzen jataz. Uste dot poeta gutxi irakurri dodala edertasun-zentzu goragokoarekin. Bere metaforak garatzeko modua, bere bertsoen musikaltasuna eta ahalmen ebokatzailea zaila da gainditzen. Azkenik, William Blakeren originaltasun erradikala, anbizio filosofiko eta teologikoa eta edertasunaren eta egiaren esplorazioa errugabetasun- eta esperientzia-egoeren bidez miresten dodaz. Zentzu horretan, historian ez da izan berak baino poeta originalagorik. Blakek bere mitologia propioa asmau eban, bere inprimatzeko modua, bere testuak ilustratzeko modua… Miresten dot, gainera, irakurketa filosofiko edo teologiko xumerik ez eskaintzea; bere pentsamenduak inguratzen gaituan errealitatearen konplexutasunari justizia egiten deutsen nabardurak dauzka.

5. Esan dozu Li Bai poeta txinatarra gustatzen jatzula; bere bertso batek dino: 今朝有酒今朝醉,明日愁来明日愁, hau da: «Gaur ardaoa dago, gaur edaten da; kezkak, bihar utzi». Li Baik hemen eta orain bizitzeko jarrera defendatzen eban, egia esan mendebaldeko filosofia kontinentalak nabarmentzen dauan arrazionalismotik oso bestelakoa. Mendebaldar lez, zer deritxozu arrazoiari eta bizitzaren plangintzari?

Plangintzari dagokionez, uste dot beharrezkoa dala helburu bat izatea, baina aldi berean ezinezkoa dala zehatz-mehatz jakitea zelan heldu. Garrantzitsua da norabideari fidatzea eta planifikatu barik geratzen diran esperientziek ekartzen daben bizitza-aberasgarritasunari itxi ez egitea. Izan be, danok ikusi genkiela planifikatu barik gertatzen diran gauzak, normalean, ederrenak eta onenak diran. Bidaiaren aldagai guztiak kontrolatu gura badira, bidaia ezinezko, absurdo eta aspergarri bihurtzen da. Beti egon behar da lekua inprobisaziorako eta abenturarako. Laburbilduz, osasungarria, nire ustez, plangintzaren eta hedonismoaren arteko erdibidea da. Zentzu horretan, uste dot ekialdeko filosofiek eta erlijioek bizitzarekiko jarrera hobea izaten dabela sarritan. Horregatik oso identifikatuta sentitzen naz wu wei printzipio taoistarekin. Bestalde, problematikoa da Mendebaldeaz unitate lez berba egitea, oso alde handia dagoalako mundu protestantearen eta Mediterraneoko kultura katolikoen artean bizitzaren ikuspegian. Etika protestanteak morala katolikoa sinplifikatu eta materializatu eban, obra onen beharra lanaren adorazio idolatrak ordezkatuta. Ikuspuntu protestantetik, lanbideko arrakasta eta emaitza jainkozko graziaren seinale dira, katolizismoak, ostera, balio ez-materialei garrantzi handiagoa emoten deutse. Gaur egun be ikusi genkike zelan bizimodu katolikoa erabat desberdina dan Europako iparraldekoarengandik eta mundu protestantearengandik: jendea ez dago hainbeste utilitarismora begira, elkarbizitzara eta gozamenera baino gehiago. Horregatik uste dot Li Bairen bizitza-ikuspegia ez dala hain desberdina Quevedo lako autore katolikoena. Eta horregatik zehazki iruditzen jat Txinaren eta mundu katolikoaren arteko harremanak hain onak eta emankorrak, eta kultura espainola hain estimatua Txinan. Hala be, kultura kapitalista anglo-protestantearen globalizazioak beste kulturen balioak eta tradizioak arriskuan jarri ditu. Globalizazioaren bultzadarekin, gehiegizko lanaren kultua Ekialde osoan zabaltzen hasi zan. Hala be, uste dot gauzak aldatzen ari dirala, eta pozten nau jakiteak Txinak bere tradizio baliotsuen aberastasun neurrigabea babesten dauala imperialismo anglo-protestantearen aurrean.

6. Lagun asko dozu Madrilen. Aristotelesek hiru lagun mota bereizten ditu: probetxuzkoak, atseginezkoak eta bertutezkoak. Zein printzipiok gidatzen zaitu lagunak egiteko orduan?

Uste dot adiskidetasuna sakonki altruista izan behar dala eta besteak ulertzeko, laguntzeko eta maitatzeko gogotik sortu, besterik gabe. Jakina, badagoz probetxuarekin edo atseginarekin lotutako faktoreak gogo horri kolore berezi bat emon leikeenak, baina gogo hori barik dagoan adiskidetasuna ez da benetako adiskidetasuna, pertsonen bizitzako inguruabarren bat-etortze bat baino. Bat-etortze horrek maitasun garbi eta interesik bakora eroaten dauanean, adiskidetasunaz berba egin geinke. Zentzu horretan, nire adiskidetasunak josteko moduan bertutetik hurbilago nago, sarritan ingurune bereziki bertutetsu batean sortzen ez badira be.

Aldi batean saltzaile lez lan egin izanak paradoxikoki besteak ulertzean zentratzera eroan ninduan, ordura arte neure buruan gehiegi zentratuta nengoalako. Eta horrela mundu barri bat zabaldu jatan: neure burua ezagutzeko modurik onena besteak ezagutzea eta arrotza jakun hori aurkitzea dala deskubritu neban, neure nortasunari uko egin barik. Hainbeste ikasi dot nire adiskidetasunetatik non bost eleberri idatzi beharko nebakeen behar bezala transmititzeko. Bestalde, esan dodan lez, gustatzen jat adiskidetasuna besteentzako zerbitzu lez ikustea eta besteena neuretzat. Zerbitzatzeko prestasun hori ez da adiskidetasunaren helburuarekin nahastu behar, orduan ez leukelako adiskidetasunik izango, interes arin eta iragankor bat baino, Aristotelesek zuzen aipatzen dauan lez. Benetako adiskidetasunak eskatzen dauan dedikazioa egiazkoa danean sortzen dan fruitua da, hau da, beste pertsona baten aldera benetako maitasuna, miresmena eta afinitatea sortzen diranean.

Garrantzitsutzat jotzen dodan adiskidetasunaren inguruabarrei dagokienez, aipatzeko geratzen jat honek dakarren etengabeko ikaskuntza. Zentzu horretan, Aristotelesek adiskidetasun bateko bi kideek komunean daukiena azpimarratzen badau be, niretzat interesgarriena nire lagunengandik bereizten nauana da. Horrek amaigabeko gai eta inguruabarri buruz ikasten uzten deust, bakarrik inoiz helduko ez nintzatekeanak. Izan be, adiskidetasuna, batez be, ikasteko ibilgailua da. Agian literaturarekiko maitasunagatik, beste errealitate batzuk ezagutzea gustatzen jat, niretzat pertsona bakoitza mundu zabalik edo eleberri interesgarri bat dalako, eta zenbat eta desberdinagoa eta nire inguruabarretatik arrotzagoa, orduan eta gehiago interesatzen jat eleberri hori. Horrela, zenbat eta jende gehiago ezagutu, orduan eta gehiago ikasten dodala sentitzen dot, batez be ikasteko gutxien espero dodan jendeagandik.

7. Aditu askok kezkatuta daude adimen artifizialak giza bizitzari egiten deutson mehatxuagatik. Adibidez, hitz egin dogun Midjourney motorrak pintura digitalak sortu ditzake. Zer deritxozu adimen artifizialaren eta sorkuntza artistikoaren arteko desberdintasunei? Artea bakarra geratzen da ordenagailuek ordezkatu ezin daben emozinoagatik?

Adimen artifizialak giza sorkuntzari egiten deutson mehatxua gero eta gai errepikakorragoa da. Publiko zabalera heldu diran AA motor barriek sorkuntza harrigarriak erakusten dabez; ez da ausartzen imajinatzen zer egin ahal izango daben publikoaren eskumenetik kanpo dagozan modelorik aurreratuenek. Adimen artifizialak irudi harmonikoak, zehatzak, ondo konposatuak sortzen ditu, zentzu estetiko eta estilistiko propioarekin. Hala be, erreprodukzio digitalak dira. Pinturak objektu fisiko eta bakarra eskaintzen dau, denboraren joanean egoeraren eta formaren mila nabardurari lotuta. Egia da arte digitala eta ilustrazinoa mehatxatuta egongo dirala seguruenik. Hala be, ez dot uste erabat ezabatuko dituanik, ez eta beste edozein arte-formarik be, argazkigintzak pintura ezabatu ez ebanez gero. Izan be, adimen artifizialak arte-lan mediokreenak neurri handi batean ordezkatu ahal izango baditu be, ezinezkoa izango jako benetako artearekin lehiatzeko behar dan sakontasuna lortzea. Hori azaltzeko, William Blakeren lanaren kontzeptu oso garrantzitsu bat aipatu gura neuke. Blakek esaten eban benetako sorkuntza ‹poetic genius›etik, jenio poetikotik, sortzen dala. Blakerentzat ‹poetic genius› errealitatea hautemateko modu sortzailea da, lehen inoiz sortu edo hautemateko izan ez dana sortzeko giza gaitasuna, ‹bost zentzumenen erlazinoaz› haratago, hau da, bost zentzumenen bidez hautemandakoaren batuketaz haratago. Adimen artifizialak ezin dau bost zentzumenen pertzepzinoa esperimentatu be egin; gizakiek sentitu dabela dakianaren oinarrian baino ez dau lan egiten. Hau da, adimen artifizialak oso ondo imitatu ditzake gertakariek orain arte gizakiengan sortu dabezan sentimenduak eta erreakzinoak, baina inoiz ez sentitu ez dan sentimendu bat adierazi. Artista bakoitzak mundua sentitzeko daukan modua guztiz bakarra da, eta adimen artifizialak iruzurgile on bat izan leike be, beti geratuko da benetako sorkuntzaren azpitik. Errealitate honen aurrean, adimen artifizialaren garatzaileek eta aditu batzuek diñoe egunen batean sentitu ahal izango dauala, garun-egituren erreprodukzio konputazionalaren bidez. Eszenatoki horrek zalantza asko sortzen ditu oraindino, eta espero dot inoiz ez heltzea, gizatiarraren amaiera izango litzatekeelako.

8. John Bergerrek artistentzat bost zentzumenen esperientzia azpimarratzen dau. Adibidez, José de Riberaren «Ukimena» aipatzen dau, Prado Museoan. Bestalde, gustatzen jatzun tearen gozamena be dastamena lantzeko modu bat da. Kontau deikezu bost zentzumenetan arrastoa itxi dauan oroitzapen bat?

Artek, izan be, zentzumenekin jokatzen dabe, eta funtsean artea esperientzia sentsoriala da. Agian alderdi honetan interesgarriena zelan esnatu leiken gure zentzumenak artea begiratzean. Ribera adibide bikaina da inguruabar estetiko horren. Bere lanek ukimenaren zentzumena esnatzen dabe bolumenaren tratamendu apartaren bidez, erabiltzen dauan argiaren bidez eta pintura ezartzeko daukan moduaren bidez. Bergerrek aipatutako lanean, sentsazino hori are gehiago indartzen da aukeratutako gaiagatik: Riberak ezin eban bere pinturarako gai egokiagorik aukeratu. Bost zentzumenen oroitzapen pertsonalei erreferentzia egin behar badaut, afari fantastiko askoren oroitzapenak etorriko jatazan, ardao bikainekin eta lagun onekin. Artean zentzumenen esperientziari erreferentzia egiten badautsat, zalantzarik bako Velázquezekin geratuko nintzake. Velázquez da pintore sentsorial par excellence, bere pinturak ekintzan guztiz murgiltzea eskaintzen dabelako eta ia zentzumen guztiak esnatzeko gai dalako. «Las hilanderas» lanean (Irutzaileak), adibidez, mugimendua ikusi ez ezik, eszena konplexuaren zalaparta eta nahasmena be entzun leike. «Vulkanoren burdinola» lanean izerdia sentitzen da, burdinolaren eta suaren, lanaren eta metalaren usaina, baina mailuaren eta errementari-erremintaren soinua be entzuten da. Azkenik, «Baco-ren garaipena» lanean (Edaleak), alkoholaren zaporea sentitzen da, txantxak, garrasiak, alkoholaren usaina… Velázquez bakarra da pintura ulertzeko bere moduan; ia zinema-zuzendari moderno bat aro barrokoan pintatzen hasi balitz bezala da.

Teari dagokionez, gehien liluratzen nauana bere zapore- eta nabardura-aniztasun sinesgaitza da. Hainbeste faktorek alda daroke bere dastamena! Tea-landarea hain da sentibera ingurunearen aldaketekiko, edozein usain edo zapore xurgatu leikeana. Izan be, tea-hosto erabili gutxi batzuek gela bateko usain txarra xurga leike. Pena da Mendebaldean tea ona ardao ona bezala estimatzen ez izana. Ziur nago, kuriositate eta ezagutza apur batekin, ardao ona estimatzen dauanak tea ona be estimatu leikeela.

9. Beti dago atalase bat goi-kulturaren eta kultura herrikoiaren artean, baina gaur sekularizazinoak eta artearen zabalkunde herrikoiak biziraupen-arazo bat planteatzen dabe, artista orok kontuan izan behar dauana. Zer deritxozu fenomeno honi?

Mendebaldeko testuinguru artistikoarekin hasiko naz, bereziki Europakoarekin. Hemen artea lehenago aristokraziak menperatzen eban. Gustu aristokratikoak estilo handiosoa, anbiziotsua eta monumentala eskatzen eban. Eta, gainera, diru-kopuru handiekin finantzatzen eban. Aristokratak bere artistak talentuaren eta lanen kalitatearen arabera bakarrik aukeratzen ebazan. Horrela, Caravaggio lako bizitza eta balio miserableko artistek noble gorenen faborea irabazten eben. Frantziako Iraultzaren, aristokraziaren erorketaren eta kapitalismoaren gorakadaren ostean, gustu burgesa nagusitu zan. Artea, apurka-apurka, modaren antzeko fenomeno komertziala bihurtu zan, non baliorik garrantzitsuena irudikapen erraz ulergarri, identifikagarri, berriztagarri eta bota-eta-erabilgarri baten sorkuntza izan zan. Horrela, ‹estiloaren› ideia nagusitu zan edertasunaren edo monumentaltasunaren ideiaren aurrean. Diziplina batzuk, eskultura edo arkitektura lez, erabat suntsitu zituan kontzepzino barri horrek. Hala be, horrek ez dau esan gura edertasun-zentzu handiko artistek, Sorolla edo Klimt lez, arrakastarik izan ez ebenik, baina beren arrakastaren arrazoia askoz gehiago lotuta dagoala beren estilo erraz ezagungarriarekin edertasun-zentzu handiarekin baino.

Aldi berean, biztanleriaren geruza zabalek hezkuntzara heldu ahal izan ziran eta horrela artearekiko estimazino handiagoa garatu. Telebistak eta irratiak, hasieran, ospe horri lagundu eutsen goi-kulturarekiko interesa bultzatuz elkarrizketa-programa, antzerki-obra, musikal eta kalitatezko dibulgazino kulturalaren bidez. 90eko hamarkadan, ostera, telezaborraren eta sentsazionalismoaren fenomenoa sortu zan, eta telebista aisialdi-forma baxu eta miserable baten hedatzaile masibo bihurtu zan, belaunaldi barriek aurrekoen kultur mailara heltzea eragotzi ebana. Gainbehera kultural horren testuinguruan, internetaren, bideojokoen eta sare sozialen etorrerak arazoa larriagotu baino ez eban egin. Vargas Llosak oso ondo deskribatzen dau fenomeno hau bere «Ikuskizunaren zibilizazinoa» saiakeran.

Artearen munduan, aisialdi hutsalaren eta kultura herrikoiaren herrikoitze horrek krisi handi bat eragin eban. Burgesiak eta gizarteko erdi- eta goi-klaseek, orduan arte goi-kulturaren kontsumitzaile ziranak eta artean nagusitasun kultural eta sozialaren seinale bat ikusten ebenak, apurka-apurka interesa galdu eutsen, dirua inbertitzea aipatu be ez. Benetako arte-merkatua, fenomeno herrikoi lez, ordutik Europa dekadentetik eta mundu anglosaxoitik kanpo dago. Txinak eta Latinoamerikak be gaur egun beren biztanleriaren sektore zabalak dauzkate kultur maila handikoak, nabarmendu, hazi eta artea bildu gura dabenak. Gizateriaren kulturaren eta etorkizun ekonomikoaren ardatza Txinaren eta Latinoamerikaren artean egongo da, eta espero dot horrek berpizkunde kultural global bat sortuko dauala.

10. Zer deritxozu Bakea artista espainiarraren arrakastari? Txinako zodiakoaren zeinuak espainiar ikurrekin konbinatzen ditu. Espainiaren historiako lehenengo hibrido transkulturala da?

Ilustratzaile bikaina dala uste dot, eta bere lana zalantzarik bako interesgarria da. Hemen garrantzitsua da arte plastikoen artean bereizketa argi bat egitea. Uste dot pintura ilustrazinoarengandik erradikalki desberdina dala. Ilustrazinoaren helburua irudi erraz identifikagarri eta erreproduzigarri bat sortzea da, non adierazpen teknikoa ideia zehatz baten menpe dagoan. Horrela, lanaren elementu guztiek esanahi zehatz bat adierazten dabe. Pinturak, ostera, ez da benetan erreproduzigarria, ez argazki baten bidez be, eta artistaren adierazpen teknikoak eta kontzeptualak ideia zehatz baten irudikapenaren menpe erraz ez datozan nabardurak dauzka. Bakea artistak, izan be, ikonografia transkultural oso interesgarria proposatzen dau eta apartekoa da ilustrazinoaren arloan artearen adierazpen-bide barriak menperatzen. Gainera, kolorearen eta konposizinoaren erabilera be interesgarria da ilustrazinoaren arloan. Europako kulturaren eta Txinaren arteko auzi transkulturalaz, Hergé, komikigile handia, gogoratu gura dot hemen, eta txinatar kulturak berarengan izan eban eragina. Orain dala gitxi erakusketa oso interesgarri bat egin zan berari buruz Madrilen, eta bere atal bat Bruselan ikasten ebilela ezagutu ebun Zhang Chongren artista txinatarrarekin egin ebun adiskidetasunari eskainita egoan. Zhangek tinta-marrazketa ulertzeko modu barri bat erakutsi eutson Hergéri, txinatar pintzelak eta luma-puntak oparitu zeutsazan, baina, batez be, kultura ezezagun bat zabaldu eutson, Hergéren lana erabat markatu ebana. Adibide honekin geratzen naz, zuk deitzen dozun ‹hibrido transkulturalarekin›. Bukatzeko, gehituko neuke, mendebaldeko ilustratzaile eta artista askok ekialdeko tinta-marrazketaren tradizinoaren eragina jaso ebenez gero, olio-pinturaren sarrerak Txinan artista handi batzuk sortu dituala, tradizio artistiko bakoitzaren onena bateratzen jakin ebenak.